NAIZ

25 urteren ostean, Errioxa Buruz Burukoaren protagonista izango da Dario eta Zabalari esker

Mende laurdena pasa da bi pilotari errioxar Buruz Burukoan elkarren aurka azken aldiz aritu zirenetik. Ostiral honetan, Ezkaraikoa eta Naiarakoa Gasteizeko Ogetan arituko dira aurrez aurre final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian.

Zabala eta Dario, astearte honetan Gasteizeko Ogeta pilotalekuan.
Zabala eta Dario, astearte honetan Gasteizeko Ogeta pilotalekuan. (ASPE PELOTA)

Errioxa beti egon da oso ligatuta euskal pilotarekin. Euskal Herriko beste herrialde bat bezala kontsidera dezakegu kirol honi dagokionez. Gainera, historian zehar pilotari errioxar onak ere egon direla ezin dugu alde batera utzi. Hala ere, 25 urte dira bertako bi pilotari elkarren konta aritzen ez direla Buruz Buruko Txapelketako partida batean.

Ostiral honetan, Gasteizeko Ogeta pilotalekuan –Errioxatik oso gertu–, Dario eta Zabala errioxarrak arituko dira final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian. Dariok 22-11 kanporatu zuen Peña II.a final-zortzirenetan eta lekua egin du ligaxka honetan.

Biek materiala aukeratu dute astearte honetan Arabako hiriburuan, eta partida jokatzeko gogoak azalarazi dituzte. Zabalak aipatu duenez, ostiralekoa lehia «polita» izango da, «gehienbat errioxar zaleentzat». Izan ere, «etxetik ordu batera gaude eta ea giro polit bat egoten den», gaineratu du.

Zentzu honetan, Dariok onartu du «aste ezberdinak» direla, «modu berezian bizi dira, ilusio handiarekin». Gainera, gaineratu du pilotari guztiak «ondo ezagutzen» direla elkarren artean, baina «etxekoak izanda, are gehiago». Horregatik, oso ondo ezagutzen du bere aurkaria: «Eskuetan bi palanka ditu. Ezkerrarekin diferentzia markatzen du, bolea ona du eta oso azkarra da kantxa barruan».

Beste aldean, aldiz, Zabalak Darioren eskuina azpimarratu du. «Eskuinarekin ikaragarrizko kolpea du eta sakearekin oso ondo aritzen da. Lehen kolpearekin aguantatu beharko dut», azaldu du Naiarakoak.

Gauzak hala, Dariok bote gehiago duten pilotak aukeratu ditu, «mugitzeko zailak». Ogeta bezalako «pilotaleku noblean», Ezkaraikoak argitu du «jokatzeko ona» dela. «Bi paretak azkar ateratzen dira eta ekimena zuk baduzu, ziala egiten da ondoren defendatzea».